XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, dialogoa idazleak bere ideologia plazaratzeko erabiliko lukeen treta bat besterik ez litzateke izango, eta horrek ez du ezer ikusterik Bakhtinek teorizatu zuenarekin.

Ideologia baztertzeak, ordea, bere ideologiak eskatzen dionari muzin egitea bailitzan, beldurra ematen dio Sarrionandiari, eta hor non gelditzen zaigun berriz ere oztopaturik, garbi ez dakigula bere saio honen amaieran ideologiari buruz ari denean, zein ideologia moetaz mintzo zaigun, edo ideologia sistematikoaz ala ideologia dialogiko hortaz.

Badirudi autoreei iratxekitzen dien mezu ideologikoa (eta azpimarraketa gurea da) sistematiko hoietakoa dela, bada nik ideologia osotu bat edukiz gero, eta aldi berean honen kontrapundua dena, zalantzan nagoela esan dezaket, eta egoera horretan ez naiz ziur asko, inolako mezu ideologikorik zabaltzeko gauza izango.

Eta horra hor non aurkitzen dugun koxka.

Nire ustez, literaturaren ideologia zalantzan ipini beharko genuke, nahiz eta idazle guztiek ideologia balute ere.

Bada literaturak ez ditu munduari eta bizitzari buruzko aburuak ematen.

Aburuak diskurtso ideologikoak ematen ditu eta ez literaturak.

Honek, hitzen bitartez bada ere, mundua eraikitzen du, eta idazleak Sarrionandiaren arazoak ez dituenean Balzac-en kasu, aztoratu gabe eta mundu horren biztanle bat bakarrik bailitzan, ikusten du nola berak sortutako mundu horrek ezer gutxi ikusterik duen bizitzari aurre egiteko aldarrikatzen duen bere ideologiarekin.

Gerta ere gerta daiteke, Danteren kasuan bezala, eraikitako mundu hori idazlearen ideologiari egokitzea, baina hain harrigarria da mundu hori eta halako indarra du, ze ideologia guztiz baztertua eta ahaztua gelditzen den bere aldean.

Edo Don Kixoterena, zeini gizaldi bakoitzak bere ideologia itsatsi baitio.

Edo Kafkaren liburuena, non ideologien lekua beldurrak hartzen baitu, haien hutsunea fantasmagoria bat bezala geratuz.

Edo Ho Chi Minhena, zeinek ideologiak zalantzan jartzeko literaturak duen indarra ezagutuz, hura esterilizatu egin zuen diskurtso polifonikoa monologo inozoa bilakatuz.

Edo Sarrionandiarena.

Baina Sarrionandiaren literaturak aparte berezi bat merezi digu.

Ideologia osotu, osotzaile, eta zalantzan ipini ezinezkoa duen idazle batek, edo ziniko bat da (Balzac), edo jenio bat (Dante, Balzac), edo literatura itotzen du (Ho Chi Minh), edo Sarrionandiaren arazoak izango ditu.

Badirudi azken honek konfidantza handirik ez duela literatura sortzeko bere ideologiak izan dezakeen balioaz.

Baina literatura idatzi nahi du, eta, nola literatura ideologikoa den, ideologia bat dago beti idazten dugunaren atzetik, eta badu, bai, berak ideologia bat, baina ez dago oso ziur ideologia hori egokiegia izan daitekeenik literaturaren izena mereziko lukeen ezer idazteko, eta....

Hor Sarrionandiari nondik datorkion berak aipaturiko urradura legez bizi beharra zation arteko tentsioa.

Eta zirkulu biziotsu horretatik irteteko bide franko egon daiteke agian, baina guk nagusi diren hiru posible aipatuko ditugu hemen: Lehenbizikoa, idazteari uztea da; bigarrena, ideologia hori piska bat ahaztu eta ahalik eta libreen idaztea (García Márquez); hirugarrena, Sarrionandiak liburu honetan aukeratu duena, hau da jainkoarekin eta deabruarekin bat batean ezkontzea.

Garbi adierazten digu bere ideologia zein den eta zeinen alde burrukatzen, bai eta idazten duen ere.

Baina literatura egiten duenean, hau da benetan literarioak izan daitezkeen pasarteetan, ez dugu ideologia horren aztarrenik ikusten, ez eta, egia esan, beste ideologiarekin ere.

Pasarte horiek zuriak dira, bitxiak, errealitateari uko egin eta politasuna dei genezakeen kategorian murgiltzen direnak, itzulpenak edo itzulpenen itzulpenak, literaturaren tolesetan jolasten duten zatiak, erudizioaren jokoetan irri egiten duten komentarioak.

Finean, liburuak arnasa har dezan eginiko zatitxoak, edota liburuak ez ezik, ideologiak berak ere atsedena izan dezan, honen aurka egoteko arriskurik izango ez duen literatur moeta bakarra eginaz: idazlearen pentsamendua konprometituko ez duena.

Hara hor ideologiaren beldurrak hau da, norberaren pentsamenduari ematen dion beldurrak dakartzan ondorioak; eta hara nola Sarrionandia erortzen den postmodernitateari iratxekitzen dizkion berberetan, nahiz eta esan beharrean gauden, postmodernoek eta Literaturak betidanik, erabiltzen dituzten ironiaren eta humorearen alerik ere ez dugula Sarrionandiaren prosan somatzen.